2009/05/10

Afektatu taldeak komunikabideetara bidali duen idatzia

Urte bat baino gehiago pasa da, iazko apirilaren 4ean Etxebeltz-Izarra eremuan etxebizitza egokitu zitzaigunetik. Lau hilabete ere joan dira EAEko Auzitegi Gorenak, eremu honen oinarri den Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala baliogabetu zuela jakin genuenetik. Honek ekartzen digun arazoaren larritasunaz jabetu ginenetik gure artean biltzen ari gara, eta, konponbidea obra bezain makal doala konturatu gara.

Mota honetako arazoen aurrean politikoek egon behar dute soluzioak emateko. Azpeitiko kasua berezia dela konturatzen gara, talde politikoen arteko desadostasunak eta liskarrak hor daudelako, baina, benetan, arazoa konpontzeko borondate gutxi ikusten dugu. Borondatea prentsan hitzez ez dela erakusten adierazi nahi dugu, ekintzez elkarlanean baizik. Arazo hau konpontzeko bideak badaudela entzutea edo irakurtzea ez zaigu nahikoa iruditzen, bide hauek jorratzen ari direla erakutsi behar dute politikariek eta adostasunera iristeko ahalegina egin, nahiz eta guztiek utzi beharko duten bidean euren interesen zati bat.

Beharrezkoa da talde politiko bakoitza berak agertu duen soluzio bidearekin ez egoskortzea. Agertzen diren soluzio bide guztiak aztertu, landu eta eztabaidatzea egokiago ikusten dugu. Soluzioa epe motzera nahiz epe luzera eskaintzen duten bideak landu beharra dago, baina, beti ere, arazoa konpontzeko borondatez. Badirudi, arazoari aurre egiteko bideak egon badaudela eta Udalean bertan blokeatzen direla.

Informazioa ere bota dugu faltan, talde politiko guztiengatik informazio gehiago espero genuen, beraien arteko bilerei buruz, nola doazen beraien arteko negoziaketak, handik irten diren posturak… Talde politiko guztiei gogoratu nahi diegu guk lanean jarraitzen dugula eta, lan horretan, beraiek une bakoitzean duten informazioa jasotzea lagungarria litzaigukeela.

Oraindik beste 54 etxebizitza zozketatu behar dira Etxebeltz-Izarran. Kuartel Zaharreko etxeak ere hor daude. Zerrendan dauden lagun guztiei, “zortedunak” izanez gero, zein gure egoera berean geratuko diren azaltzea gure betebeharra dela pentsatzen dugu. Ez dugu inor desanimatzerik nahi, izan ere, arazo honi irtenbidea ematea posible dela uste dugu, eta horregatik ari gara lanean, baino herritar askori eragiten digun arazoa dela azpimarratu nahi dugu.

Azkenik esan, talde bezala aktiboki jarraituko dugula lanean, jo behar diren ateak joaz eta eman beharreko pausoak emanez, helburu argi bat lortzeko asmoarekin: egokitu zaizkigun etxebizitzak modu “garbi” batean jasotzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario