2009/06/30

Afektatuen taldearen komunikatua

Azken bilera irekia egin zenetik, denbora luzea joan da. Tarte honetan ordea, ez gara geldirik egon: justu bilera ondoren, bozketara aurkeztu ziren bi aukerez gain, hirugarren aukera juridiko bat ere izan zitekeela komentatu ziguten. Horren aurrean, ezer egin aurretik, aukera hori ere aztertzea erabaki genuen.

Hilabete hauetan talde politiko guztiekin bilerak izan ditugu, elkarrekin arazoa bideratzen hasi daitezela saiatzen, zubi lan egin nahian. Donostian izan gara gai hauetan aditua den abokatu batekin, berriro talde politikoekin bildu... Eta mila buelta eta hiru hilabete ondoren puntu berdinean ikusi dugu gure burua: politikoak, bakoitza bereari eusten eta arazoa geldirik. Hori bai: informazio gehiago jaso dugu eta lan taldearen iritziz, azkeneko bilera irekian egindako botazioan aukeratutako bideak jarraitzen du gure interesetarako egokiena izaten.

Politikoek abendutik hona hitz egiteko denbora nahikoa eta gehiegi izan dute, beraz, hitz soilak alde batera utzita, pausuak "YA" eman ditzatela exijitzeko garaia dela iruditzen zaigu. Eta beraiek ez direnez elkarren artean bide bat adosteko gai, guk zein bultzatuko dugun ere esango diegu: azkeneko bilera irekian erabaki zen bezala, gure ustez zuzenena eta berme juridiko gehiena ematen digun bidea.

Horretarako, aste honetan zehar, partidu denei ondoren agertzen den idatzia helaraziko diegu eta datorren ostegunean, uztailak 2an, Etxebeltz-Izarrako afektatuen izenean lan-taldeko ordezkaritza bat Udaletxean egingo den plenora joango gara.

Hau da helaraziko diegun testua:



"Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxebizitzetako kaltetu taldeak:

2008ko abenduan Euskal Herriko Auzitegi Gorenak emandako ebazpena dela eta, martxoaren 27an Azpeitia Lantzenek egoera aurkezteko bilerara deituak izan ginen. Une horretatik aurrera, kaltetuon taldea alderdi politiko guztiekin elkartu gara soluzio bat aurkitzeko asmoz. Une hartan bi bide nagusi aurkeztu zitzaizkigun:

- Lehenengo bidea, testu refundituan falta den azterketa ekonomiko-finantzieroa txertatzearena zen, gero udaleko osoko bilkuran ontzat eman beharko litzatekeena.

- Bigarren bidea, arauak berriro garatzearena.

Bi bide hauek kontutan izanik, apirilak 23an kaltetuok talde zabalean elkartu ginen eta han ia ahots bakarrez, ondorengo erabakia hartu zen: bi bide hauen artean bigarrena aukeratzea, hau da arauak berriro garatzearena, biderik seguruena zela uste genuelako.

Ondorengo bileratan beste bide batzuk aurkeztu ziren. Bide horiek lantzeko aukerak ere aztertu genituen, baina ekaina bukatzen ari den honetan haserako egoera antzekoan gaudela iruditzen zaigu, talde politikoek eskaintzen dituzten irtenbideak hasierako berdinak direlako. Horregatik, apirilean kaltetu guztiok egin genuen bilera hartan hartutako erabakiari jarraituz, ondorengoa eskatzen dizuegu alderdi politiko guztiei:

1. Arauak berriro garatzearen bidea ahalik eta azkarren egiten hasteko, horretarako behar diren mekanismo guztiak martxan jarriaz, behar diren konpromisoak hartuaz eta behar den borondate politikoa ipiniaz, ahalik eta epe laburrenean bukatu dadin arazo hau.

2. Prozesu hau guztia aurrera eramateko beharrezkoak diren pausoak eta hauen denbora-tarteak zehatz eta xehetasunez islatuko dituen agiri bat egitea eskatzen dugu. Horrez gain, baita agiri horren edukia betetzeko konpromisoa ere talde politiko guztien aldetik.

3. Prozesu honetan guztian parte aktiboa edukitzea eskatzen dugu. Horretarako, beharrezkoak diren komunikazio bideak irekita mantentzea derrigorrezkoa dela deritzogu, aldioro prozesuaren nondik norakoez informatuta egon gaitezen.


Etxebeltz-Izarrako kaltetu taldeak ekainaren 26an"



Esan digutenez, osteguneko pleno horretan Etxebeltzekin zerikusia duten gaietaz hitzegitekoa asmoa omen dute. Bertan erabakitzen dutenaren arabera, datozen egunotan berri zabalagoa emango dugu. Mesedez egon zaitezte adi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario