2010/01/23

Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxebizitzen prozesua

Orain dela egun batzuk agindu genuen bezala, Etxebeltz-Izarra eremuaren inguruan orain arte gertatutakoen laburpen kronologikoa prestatu dugu. Bai iritsi berriak informazioa jaso dezaten, baita hainbeste gora-beheren artean galduta dabiltzanak ere eskura izateko.

http://www.uztarria.com/albistiek/1241595541

2007ko otsaila-martxoa

Etxebeltz-Izarrako Zatikako Plana onartu zuten Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. 320 etxebizitza egitea onartu zuten: 208 babes ofizialekoak (BOE) eta 112 merkatu librekoak.

2008ko apirilaren 4a
Etxebeltz-Izarrako lehen faseko 154 BOE zozkatu zituzten, Kiroldegian. Orduan zozkatutako etxeetarako izena emandakoen behin betiko zerrendan 559 herritar zeuden.

2008ko ekainaren 17a
Etxebeltz-Izarran zozkatzeko falta diren 54 BOEren baldintzak onartu zituen Udalbatzak. Lehen fasean zozkatutako 154 BOEren baldintzekin alderatuz, bigarrengo fasean bi aldaketa ekarri zituen erroldatutako epeari eta guraso bakarreko familiei zegozkienak.

2008ko abenduaren 19a
Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpenaren arabera, Etxebeltz-Izarra, Alde Zaharra, Soreasu eta Julian Elorza hiribideari dagokien arau ordezkatzaileen aldaketa baliogabetuta gelditu zen.

2008ko abenduaren 24a
EAEko Auzitegi Nagusiak Etxebeltz-Izarrako etxeen inguruko epaia eman eta gero, han egitekoak diren 54 etxebizitzaren 2009ko zozketa bertan behera utzi zuen Udalak, urtarrilaren 9rako iragarrita zegoen hori. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak ebazpenari helegitea jarri zioten.

2009ko martxoaren 17a
Azpeitia Lantzeneko lehendakari Iñaki Errazkinek bilera zabala deitu zuen Betharramen, Etxebeltz-Izarran BOE egokitutakoekin.

2009ko martxoa-apirila
Etxebeltz-Izarran BOE bat egokitu zaien herritar talde bat biltzen hasi zen. Ordutik, Udalean ordezkaritza duten alderdiekin bildu da, eta elkarrizketen berri sortu duten blogean eman du.

2009ko apirilaren 22a
Leku-Eder S.A. promotoreak, erregistroan Etxebeltz-Izarrari dagokion txostenean gaur egun zein egoeratan dagoen jasotzeko eskatu zuen, baina Donostiako Administrazioarekiko Auzietako Lehen Epaitegiak promotorearen eskaera atzera bota zuen.

2009ko apirilaren 23a
Leku-Eder S.A.k Etxebeltz-Izarrako proiektua baliogabetzeko eskatuta zuen, baina EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen eskaera, Etxebeltz-Izarrako plan partzialaren proiektua legearen arabera eginda dagoela esanaz; hau da, antolamendu zuzena duela ebatzi zuen auzitegiak.

2009ko maiatzaren 10a
Etxebeltz-Izarrako afektatu taldeak komunikabideetara komunikatua bidali zuen.

2009ko uztailaren 2a
Udalbatzak San Inazio eguna baino lehen erabaki bat hartzeko konpromisoa hartu zuen plenoan. Bertan, Etxebeltz-Izarrako afektatuen lan-taldeko zenbait kide izan ziren. Plenoan San Inazio Eguna baino lehen pleno berezia egiteko konpromisoa hartu zen, zer bide juridiko jarraitu behar den erabaki eta behingoz pausoak ematen hasteko.

2009ko uztailaren 14a
Etxebeltz-Izarra eremuko kaltetuen bilera zabala azken hiru hilabeteetan egindako pausoen eta arazoa konpontzen hasteko dauden bideen berri eman zen.

2009ko uztailaren 24a
Pleno berezia 13:00etan. Udalbatza horretan Herriko Antolamenduaren Plan Orokorra berriro egitea erabaki zuen Udalak.

2009ko urriaren 13a
Etxebeltz-Izarrako eraikuntza enpresek hautsi egin dute udal hitzarmena. Enpresa horiek idatzi bat bidali zuten Udalera, 2006tik duten hitzarmena –hala nola, etxeen baldintzak, prezioak eta epeak– bertan behera uzten dutela adieraziz. Idatzi horretan, ziurgabetasun juridikoa aipatzen dute hitzarmena hausteko arrazoi gisa.

2009ko urriaren 29a
Etxebeltzeko hitzarmenak indarrean segitzen duela esan die Udalak eremu horretako sustatzaileei. Halaber, Udalak hau esaten die lur jabeei: "Hain zuzen ere, babes ofizialeko etxebizitzen kontratazioak lehenbailehen sinatzea hitzarmenean adostutako baldintzetan (epeak eta prezioak) eta bertako etxebizitzen eraikuntza obrekin bukatzea".

2009ko azaroaren 7a
Etxebeltzeko babes ofizialeko etxeen bigarren fasea martxan jarriko du Udalak. Zozketa eguna jartzeko Udalak eman beharreko pausoak martxan jartzea erabaki dute udalbatzarrean, aho batez. Gaur egun, 208 etxebizitzetatik 54 zozkatzea falta da.

2009ko azaroaren 18a
Etxebeltzeko BOEn etxejabeek bilera egingo dute egoera aztertzeko. Kaltetuen lan-taldeetako ordezkariek etxegileen jarreraren aurrean zerbait adierazi beharra dute.

2009ko azaroaren 25a
Etxebeltzeko BOEn etxejabeek prentsaurrekoa ematen dute, bizi duten egoera salatuz eta azaroaren 28rako manifestazioa deituz.

2009ko azaroaren 28a
Manifestazioa egiten da Etxebeltz-Izarrako eraikuntza enpresei lanei ekiteko eskatuz.

2009ko abenduaren 16a
Etxebeltz-Izarrako eraikuntza enpresek etxejabeei obrak berriro, hurrengo egunetik hasita, martxan jarriko dituztela adierazten diete.

2010eko urtarrilaren 15a
Etxebeltz-Izarra eremuan falta diren 54 etxeen zozketa egiten da. Etxejabeek eraikuntza enpresek adierazitakoa bete ez dutela salatzen dute.

2010eko urtarrilaren 19a
Etxebeltz-Izarrako eremuan BOEko lanei berriro ekin dietela IKUSTEN da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario